Massive Attack taldeko kide ohia aspaldian grabatu duen disko hoberenarekin datorkigu. Seigarren lan honetan, guztiz ezezaguna zitzaigun Italiako Constanzaren ahotsa izan du lagun. Eta bien arteko ahotsen jokoa bereziki erakargarria gertatzen da hemen: bat ederra dugu, bestea piztia. Costanzak pop zatiak ematen ditu eta Tricky aldiro agertzen da abesti bakoitzari bere aberetasun puntua gehitzeko. Joko horretatik sentsualtasun hunkigarria sortzen da. Hollow harri bitxia horren froga nabarmena da. Ahotsak nahasteaz gain, giroak nahastea gustokoa du ere. Ildo horretatik, ezin interesgarriagoak zaizkigu Stay, diskoa irekitzen duen ska novö antzekoa, eta Antimatter ezinbertzeko singlea. Bertzalde, uste gabeko bi bertsio tartekatu ditu: XTC-ren Dear God eta The Cure taldearen The Lovecats. Aitzineko diskoetan bezala, interes gutxieneko abestiak gitarra zorrotzenak erabiltzen dituztenak dira, hala nola How High eta Moody. Orokorki, Vulnerable entzuteko errazegia gerta daiteke Maxinquaye eta batez ere Pre-Millenium Tension lanen kalitatearen parera iristeko, bainan Blowback etsigarria baino askoz sakonagoa dela ezin uka. Tricyrekin berradiskidetzeko disko egokia izan daiteke. Horretaz gain, edizio mugatu batean, 25 minutuko DVD bat eskainia da, argazkiak, elkarrizketak, estudio irudiak eta kontzertu zatiak biltzen dituena.
Kronika entzun.com webgunean
Fred Berruet