2015/06/20

Dead Kennedys "Fresh Fruit for Rotting Vegetables" (1980)


Dead Kennedys-ek ez du beroketa ariketarik egin behar izan bere lehen diskoa ateratzeko. Alta, 1980an atera estreineko disko hau bizi-bizia da : 32 minututan antologiazko 14 kantu eskaintzen dizkigute, horien artean Kaliforniako punkaren egiazko klasikoak bilakatu diren California Über Alles, Holiday in Cambodia, Forward to death edota Elvis Presley-ren Viva Las Vegas  kantuaren bertsio deigarria. 

Musikalki, diskoa rockabilly-aren, surf-punk doinuen eta Ramones-en energiaren artean kokatzen da. Orokorki, gitarra akorde gordinak oso sinpleak dira eta soinua ez da hain landua. Halere, kantuei darien oldarkortasuna eta ironia taldearen marka izanen ziren geroan ere, Jello Biafra kantari karismatikoaren ahots berezi horrekin batera noski. 

Baina Fresh Fruits for Rotting Vegetables ez da umore hutsa. Disko oso politikoa da ere. Ez da kasualitatea Ronald Reagan Estatu Batuetako presidente aukeratua izan zen urte berean atera baldin bazen. Salaketa usain galanta dute California über alles, I Kill Children edo Kill the Poor bezalako kantuek. Garai hartan gainera, talde giristino batzuen haserrea piztu eta Dead Kennedys “munduko talde arriskutsuena” izendatua izan zen. Zeinek erran zuen Rock’n Rollak  ezin zuela mundua aldatu ?


Fred Berruet

(Kronika hau 2014ko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)