2012/01/02

Kortatu "Kortatu" (1985)




1988ko ekaina. Kurtso bukaerako bidaia autobusez Donibane Lohizunetik Gasteizera. Hego Euskal Herrira egin dudan lehen ateraldietarik bat. Baina ez azkena. Mirentxu klasekideak ekarri kazetari esker, nere biziko lehen euskal rock diskoa entzun nuen orduan. Baina ez azkena. Ordura arte, gure etxean Pottoka Mendian eta Txuri Urdin baino ez genituen entzuten Radio Adour Navarre irratiko ostiral arratsetako eskaintzen tartean eta kolegioan, garai hartako Top 50-eko kantu aitortu ezinetaz aparte, The Cure, Depeche Mode, U2 eta Pink Floyd-en kazetak ibiltzen ziren eskutik eskura. 

Irungo taldearen Aizkolari (azalaren gatik, askok horrela deitzen dute) hura benetako zafraldia izan zen neretzat. Bidaiaren biharamunean berean Tilbury disko dendan biniloa bilatu eta etxeko bafle zaharkituak lehertaraziko nituen nonbait, ama ikaratuak aitaren presentzian horrelako basakeriarik ez jartzea aholkatu zidalarik. Deabrua etxean sarrarazi nuen, antza. 

Ez nuen ongi ulertzen Ferminek kantatzen zuena, bainan hor euskarazko bi kantu baziren eta hori harrigarri zitzaidan. Bai, euskaraz. Ordukotzat nahiko ahantzia neukan nere ama hizkuntzan : bestarako gomita bezala hartu nuen Sarri-Sarri kantu dantzagarria (Sarrionaindiaz ezer entzun gabe nengoen oraino) eta itxuraz nahiko ulert-erraza zitzaidan Zu Atrapatu Arte punk himnoa. Hori bai zartakoa ! Don Vito y la revuelta en el frenopático, Jimmy Jazz, Sospechosos, Nicaragua Sandinista... 13 abesti eta 33 minututan, disko harek bete-betean harrapatu zuen biziari ernatzen hasitako 15 urte eskaseko mutiko hura, eta punkaren indarraz bestalde, lehen ska doinuak ezagutarazi zizkidan. 

Jarraian, El Estado de las Cosas eta Kolpez Kolpe atera berria erosi nituen. Geroxeago, Egin egunkariko Bat Bi Hiru ! gehigarrian taldearen elkarrizketa irakurri eta, The Clash-en diskoen ondotik abiatu nintzen. 

Zuzen zebilen ama. Ez zegoen gurpila gelditzerik. Egun hartatik, gauzak ez dira sekulan berak izan. Gure Irratia-ko Txakurrock saioa entzutetik, Sarri-ren Hitzen Ondoeza irakurtzeraino. Milesker Mirentxu.

Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko urtarrilaren 8an
                                                                                                                                                                                   Fred Berruet