Hizkuntzaren erabileran bakarrik ez, musikalki ere bilakaera handia izan zuen taldeak, hasierako reggae-ska-punk-etik Frango Funts-eko funk-metal-rockeraino. Esamesaka hau (Basati Diskak, 1991) ibilbide horren erdigunean koka genezake, urte bete lehenago atera Plataforman autoekoiztuaren eta urte bat berantago Esan Ozenki zigiluarekin atera Frango Funts funkyenaren artean. Donostiako IZ disketxearen estudioetan Kaki Arkarazo eta Jesus Suinaga-rekin grabatu 35 minutuko lanak hamaika kantu biltzen ditu, tartean, Ruper Ordorikaren Erruduna-ren eta Heads Up! talde iparramerikarraren Big Mama-ren moldaketa bikainak.
Diskoari izena ematen dion Esamesaka kantuaren hitzak aldiz, Jakes Ahamendaburu Eiheralarreko poetarenak dira eta Mendekuzko Kolpea-renak Omar Nabarro poeta mundakarrarenak. Hasierako kitarra zorrotzak beti hor daude baina funk erritmoekin talka egiten dute oraingoan, garai hartan, salbuespenak salbuespen eta M-ak aitzindari zela, Euskal Herrian hain ohikoa ez zena. Disko ausarta beraz, Biktimak, Zeru gorriak, Eztanda, edota Mezu bat bezalako harribitxiak utzi dizkiguna.
Gutxi ginen 1993ko otsailaren 6 hartan Laudioko taldea zuzenean Larresorora ikustera joandakoak. Zorionak gu, izan ere, orduz geroztik "n-dunak" ez dira behin ere auzo herritik agertu.
Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko otsailaren 17an
Fred Berruet