2012/03/07

Tool "Aenima" (1996)



Liburu oso bat behar litzateke disko honen kronika zehatza egiteko. Izan ere, askoren ustetan Tool taldearen maisulana den Aenima hau hain da aberatsa, non abesti bakoitzak altxor ttiki batzu gordeko lituzkeen hainbat tiraderaz osatua dirudien. Preseski, konplexutasun horren, baina ere bere koherentziaren eta konposizioen kalitatearengatik, merezimendu osoz 90. hamarkadako ezinbesteko lanen zerrendan kokatzen da.


Hori bai, entzunaldi bat baino gehiago eskatuko dizu, baina kasu horietan ohi den bezala, behin harrapatu ezkero, ez zaitu erraz ihes egitera utziko.  

Alabaina, bigarren LP honekin, Los Angeles-eko taldeak beste metal talde askok behin ere lortu ez dutena lortu du : amorrua, indarra eta teknika, kantu idazketa paregabearekin eta benetako emozioekin uztartzea.  

Bestalde, disko aproposa izan daiteke rock alternatibotik metalaren ganako jauzia egiteko. Izan ere, pop-rock mundutik datozen entzuleak ikara ditzaketen zintzurreko garrasi ulergaitzik ez hemen. Aitzitik, Maynard Keenan-en ahots dotorea (entzun bestela Eulogy-ren bukaera) amorruz, baina ere melodiaz eta sentsibilitatez beterik dago. Taldeak ulertu balu bezala, zarata menperatuz eta erritmoa mantsotuz, sinesgarriagoa eta indartsuagoa baizik ez zela agertuko. Jada mitikoak diren Stinkfist, Eulogy, Forty Six & 2, edota Aenima abestien eta beren arteko loturak egiten dituzten zatien artean, kolore berezi bat jalgitzen da, iluna izanagatik ordura arte ezagutzen ez zena.

Aipagarria da ere soinua nola landua izan den. Atera berria zela, diskoa Pariseko denda ezagun batean entzuteko pribilegioa izan nuen lehen aldiz. Kaskoan. Haren produkzio lanak harritu egin ninduen. Ez zegoen monumentu hura gabe etxera itzultzerik.  15 urte baino gehiago joan dira orduz geroztik,  eta diskoari hamaika buelta emanik ere, oraindik  tiradera andana bat falta zaizkit irekitzeko.

Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko martxoaren 13an

♪♫ "Diskoteka Ideala" saioa (Euskal Irratiak) - 2008-03-05  ♫♪       
                                                                                                                              Fred Berruet