Izan ere, Protection-etik lau urte iragan zirenean, kakalardoaren diskoak ezuste handia eman zuen garai hartan, ordura arte, Bristoleko taldeak, beste iturri batzuetatik edaten zuen halako soul garaikide batera ohitu gintuelako. Oraingoan baina, bere erreferentziak erabat aldatu dira eta The Cure bezalako taldeen sanpleak dira hemen agertzen direnak.
Jakina da garai hartan sekulako tirabirak izan zirela taldekideen artean eta ondorioz, grabaketa oso luzea eta konplexua izan zela. Nabari da soinu geruza asko pilatu dituztela eta kantuak nahiko korapilatsuak dira. Aitortu behar da halere, taldeak kantuak sortzeko modu berri bat asmatu zuela : sanpleak, gitarra geruzak, erritmo kutxak eta dub estiloko baxu potolo bat osagai gisa erabili eta horri guziari, abeslari ezberdinen ahotsak txertatu.
Txanpon honek beste alderik badu ere, noski. Iduritzen zait Massive Attack askoz hobea dela diskoan zuzenean baino. Betidanik zailtasun handiak izan dituzte diskoetako aberastasun ikaragarri hori zuzenean transmititzeko. Ahots desberdinen pilaketa horrek ez du kohesioa laguntzen gainera. Horace Andy-rekin ari ziren urteak kenduta, abeslari finkorik izan ezean, nortasuna gutxiko talde bat bezala agertzen da.
Baliteke Mezzanine hau taldearen maisulana izatea. Funtsean, hau da nazioarteko ospea eman zien diskoa. 2000. urteetan taldea bigarren maila batera iragan da. 100th Window (2003) edota Heligoland (2010) bezalako diskoek ez dituzte zaleen itxaropenak nehundik ere bete. Oraindik gu harriarazteko gaitasunik ba ote dute? Ez dirudi erraza.
Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko maiatzaren 2an
Fred Berruet