Teknikoki ere anitz hobetu ziren, zuzen-zuzen 70. hamarkadatik ateraiak ziruditen Jolmesen kitarra punteo bikainetatik, jauzika ari zen Drakeren baxuraino, Mikelen bateria joko zalapartatsu aparta ahantzi gabe. Enekok ere probetxu hobea atera zion bere ahots bereziari, momentu lasaiak eta biziagoak ezinhobe neurtuz eta emozioa ekarriz. Gainera, Kaki Arkarazoren lanari esker, taldeak bere soinu propioa aurkitu zuen bere ibilbideko lan borobilena izan daitekeen honetan.
Urteen poderioz, disko hau euskal musikagintzaren erreferente bat bilakatu da. Egia da perfekziotik oso hurbil dagoela : mitikoa bilakatu den sarrerako "Buuuh" hura, gaztelera eta euskara dotore nahasten dituen Celosamente Gordea hunkigarria, Ni eta Ni itzelaren erritmo aldaketa harrigarriak, Urban Dance Squad edota RKL taldeen garai hoberenak gogorarazten dizkigun Iturraldeko Kontxixi eroa, Bad Brains-ek ukatuko ez lukeen I.H.E.S. reggae kanta beroa. Eta bereziki diskoa ixten duen Pozoin monumentua, tentsioz beteriko zazpi minutuko etengabeko progresio batean, edozein entzule erabat lur jota uzteko gaitasuna daukana.
Baina lehen lehenik BAP!! zuzeneko talde bat izan da beti. Hendaiako portua, Alegiko Gaztetxea, Hondarribiko Gaztetxea, Sarako plaza, Makeako Ezker pareta, Ziburuko Léo-Lagrange aretoa, Hitz Egin jaialdia Oiartzunen... Hainbat aldiz, Andoaindarrak zuzenean preziatzeko aukera izan dut, aldiro, Euskal Herriak inoiz eman duen talde hoberenetarik bat ikusteko sentsazio gozo berarekin.
Pauen ikasle nintzela, diskoa atera eta handik gutxira Irungo Bertso Hop dendarako treina hartu nuen Basati Diskak disketxeak ateratako harribitxi berri haren erostera joateko. Bai aitortzen dut harro, frantses literatura eta latin klaseak lotsarik gabe pikutara bidali nintuela egun hartan. Ez zen gutxiagorako. Zuri beltzez nere disko bildumako hoberenen artean dago. Eta ez naiz bakarrik euskal musikaz ari.
Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko maiatzaren 21ean
Fred Berruet