Harrigarria badirudi ere, bi astez grabatua izan zen 1989ko udan, hirukotearen nortasuna egiten duten osagai guziekin : jazz ikutuz jantzi punk doinuak, baxu eta bateria joko trebea eta nahi bezainbat erritmo aldaketa. Bizkitartean, taldearen estudioko laugarren diskoa den honek beste eragin anitz izan ditu ere. Adibidez, diskoa zabaltzen duen It’s Catching Up edo The Tower abestiak Steve Albiniren Big Black-en eremura ausartzen dira, eta Oh No! Bruno melodikoa Ramones-en edo Wright anaiek sortu The Hanson Brothers proiektu paraleloaren kantu hoberenetan koka zitekeen. Bestalde, Big Dick-en erritmika zoroak edozein maingu dantzan jartzeko ahalmena dauka. Bai eta edozein baxu-jole eroaraztekoa ere.
Lan honekin, Kanadiarrek sailka ezineko denboraz kanpoko klasiko bat egin digute. Disko bikainak izan dira, bai Wrong honen aitzinetik, bai eta ondotik ere, horietatik batzu No Means Norenak. Halere, Wrong mendi espedizioak landatu ikurriƱa bezalakoa da. Gailurra. Kantu sorta hau ezagutzen dutenek ulertuko naute. Besteek, badakizue zer egin.
Kronika hau Zuzeu albistarian publikatua izan da 2012ko ekainaren 27an
Fred Berruet