Fred Berruet
2007/08/13
Fugazi "In on the kill taker" (1993)
Fugazi-ren disko bat entzutea benetako esperientzia bat da, tentsio handiko unetatik barealdietara lotsarik gabe iragan bait zaitezke.
Disko honetan ere gauza bera gertatzen da. Emo kutsuko Steady Diet Of Nothing lanarekin beren estiloa zehaztu ondoren, Fugazi-k aurpegi hori taldearen punk oinarriarekin nahasten du hemen. Disko honen hasieratik, hitz zorrotzeko bi punk himno bizi-bizi dauzkagu : "Facet Squared" eta "Public Witness Program". Abesti horiek edozein entzule berehala lur jota uzteko ahalmena dute, gitarra zorrotzak eta Ian MacKaye-ren oihuak lagun. Brendan Canty-ren lana baterian guztiz aipagarria da ere, abestien eraginkortasuna izigarri hobetzen baitu. Urrunago, "Great Cop" abesti zuzena, Fugazi-ren erantzuna izan zen 1993an ber-sortzen ari zen punk mugimenduari.
Disko honetako kantu guziak perfektuak dira. Tentsio handiko abestiak aurkitzen ditugu ( « 23 Beats Off" », "Cassavetes"), kantu biziak, hala nola "Smallbox Champion" korapiltsua edo "Sweet And Low" instrumental zati bikaina. Hor dira ere, Fugazi-k gustoko dituen emo zatiak : "Rend It" ziragarria, "Instrument" lasaiagoa edota diskoa ixten duen "Last Chance For A Slow Dance" aparta.
In On The Kill Taker batasun handiko diskoa da. Honen entzutean ez da aspertzerik. Zati bakoitzak berritasuna dakar eta diskoa betetasun sentimendu batekin amaitzen da.
Etengabe garatu den Fugazi-ren estiloa gailurrera iristen da hemen. Ez da ezer botatzeko : konposaketak berritzaileak dira eta bikain eraikiak. Musikariak sekulan ez bezala ari dira. Ezer ez da soberan, dena neurtua da. IƱork ez du protagonismorik bilatzen. Ezinbesteko baldintza da talde bat zuzena eta humila izan dadin. Handienen ezaugarria da.