2007/08/14

Serge Gainsbourg, zirikatzaile handia

Serge Gainsbourg Parisen sortu zen 1928an. Gazte-gaztetik, musikaren gustua bere aitak eman zion, piano klase batzuen bidez. Bere aita izan zen ere margolaritzan trebatzeko aukera eman ziona. Gerla urte latzen ondotik (juduen izar horia eraman behar zuen orduan), Arte Ederretan izena eman eta laster, etsiturik, ikasketak utzi zituen Garai hartako surrealistekin harremanak zituen Elisabeth Levitsky bere lehen emaztea orduan ezagutu zuen. 1948an, derrigorrezko soldaduskara joan behar izan zuen eta han erregularki zigortua zen, desobedientzia gatik. Handik ateratzeko baimenik ez zuenez, arnoz mozkortzeko ohitura hartu zuen bere soldaduskako lagunekin. Gainsbourg-en alkoholarekilako harreman estuaren hasiera izan zen hura.

Boris Vian-en urratsak jarraituz

Hogeita hamar urte bete arte, lan desberdinak egin zituen (marrazki edo kantu irakasle, besteak beste), baina benetan erakartzen zuena, margolaritza zen. Izan ere, bere ametsa Francis Bacon edo Fernand Léger bezalako genio bat izatea zen. Hala ere, margolaritza laster utzi zuen krooner bezala aritzeko kostaldeko kasinoetan, hala nola Deauville hirian edota Madame Arthur Pariseko diskoteka ospetsuan. Oraindik bere bidea bilatzen ari zela, egun batez, Parisen, testu probokatzaileak, irringarriak eta zinikoak idazten eta kantatzen zituen Boris Vian ikustean, errebelazio moduko bat izan zen beretzat eta bide hori jorratu behar zuela konturatzen da. Handik gutxira, 1957an, Gainsbourg-en kantuak abesten zituen Michèle Arnaud kantariak bere kantu propioak kantatzera animatu zuen. Garai hartan, kantu anitz idazteaz gain, « Aza buruko gizonak » musika aldizkari bat sortu eta emazte andana batekin ibiltzen hasi zen, Elisabeth Levitskyrekilako dibortzioa eragin arte. Du chant à la une lehen diskoa eta bertako Le Poinçonneur des lilas kantua atera zituelarik, zeharo desberdinak, freskoak ziren, komertzialki porrota hutza izan arren. Yéyé garaia iristean, 32 urte baino ez zituen gizona ez zen oso eroso sentitzen : Brel edo Grécoren kontzertuak irekitzen zituen, baina publikoak ez zion harrera onik eskaintzen eta musika kritikalariak bere belarri handietaz eta sudur luzeaz trufatzen ziren bere musikari jaramon handirik egin gabe. Denbora berean, Elek Bacsik eta Michel Gaudry ezagutu zituen : topaketa honen emaitza Gainsbourg confidentiel diskoarekin gauzatu zen. Hemen, bereziki jazz aitzindaria lantzen du bainan salmentak beti bezain eskasak izan ziren. Honen ondotik argitaratu duen Gainsbourg percussions diskoak aldiz, erritmo afrikarren eragin nabarmena dauka.

Eurovision saria France Gall-entzat

Lehen arrakastak Juliette Gréco (Accordéon, La Javanaise), Petula Clark (La Gadoue), Françoise Hardy (Comment te dire adieu ?) eta bereziki France Gall-i esker lortuko zituen. Hala nola, azken honek Eurovision saria irabazi zuen 1965ean, Gainsbourg-ek idatzi Poupée de cire, poupée de son kantuari esker. Abesti honek sekulako arrakasta bildu zuen munduan zehar. Baina gauza ez zen hortan geldituko. Arrakastak barra-barra idatziko bait zizkion oraino gazte-gaztea zen France Gall-i, horien artean Baby Pop eta bereziki konotazio sexual argia daukan Les Sucettes abestia 1966an. 1967 bukaeran, bere neskazale famari ohore eginez, abentura labur bat ukan zuen Brigitte Bardot famatuarekin eta nola ez, kantu batzu idatzi zizkion, zein baino ezagunagoak gaurregun :  : Initials B.B, Harley Davidson, Bonnie and Clyde, eta Jane Birkinek ondoko urteetan ezaguna bilakarazi zuen Je t'aime... moi non plus kantu sentsual famatua. Bardot-ekilako jatorrizko bertsioa 1986an baizik ez zen atera gainera, Bardot-ek berak hala eskaturik ... Jane Birkin, 1968an, Slogan filmaren grabaketan ezagutu zuen Gainsbourg-ek. Maitale berriarentzat ohiko kantu sorta idazteaz gain, hamar bat urtez Frantziako bikote mediatikoenetarik bat osatu zuten biek. Bainan hamarkada berria, musikalki ere oso garrantzitsua izan zen. Izan ere, 70. urteetan lau disko nagusi atera zituen : Histoire de Melody Nelson (1971), Vu de l'extérieur ( 1973), Rock around the bunker (1975) eta L'Homme à tête de chou (1976). Hasiera batean ohargabean atera baldin baziren ere, lauak Frantziako kantangintzaren ezinbesteko lanak bilakatu dira gaurregun. Adibidez, prentsak, Histoire de Melody Nelson « pop garaiko egiazko lehen olerki sinfonikoa » izendatzeko ohitura du.  « Rock around the bunker » nazien estetismoarekin jolasten da eta Londresen grabatutako lan honek, harrera txarra ukan zuen irratietan, probokazio hutsa zelakoan ( Nazi rock edota Tata teutonne kantuak lekuko). Bizkitartean, 80. hamarkada bukaeran, urrezko diskoa bilakatu zen 1973an, bihotzeko bat jasan arren Gainsbourg-ek sekula ez bezala edaten eta erretzen jarraitu zuen, eraikitzen hasi berria zen « Gainsbarre » pertsonaiaren oinarri sendoak finkatuz.

Frantziako ereserkiaren bertsio polemikoa

  Hunkitzen duen guzia urrea bilakatzen zela ikusirik, eskaera andana bat etorri zitzaizkion orduan, bereziki filmetako soinu bandak egiteko. Osasun arazoak tarteko, luzaz kontzerturik eman gabe egon ondoan, 1979an eszenatokietara itzuli zen, besteak beste reggae estiloan moldatutako Marseillaise Frantziako ereserkiaren bertsio polemikoarekin. Bob Marleyren koristekin eta Peter Toshen musikariekin grabaturiko bertsio hori ez zen Michel Droit Le Figaro eskuineko egunkariko kazetariaren gustukoa eta honek artikulu iraingarri bat idatzi zuen horren inguruan. Ahoan bilorik gabe, Sergen erantzuna prentsaren bidez honako hau izan zen : « On n'a pas le con d'être aussi Droit ». Bestalde, istilu batzu sortu ziren bereziki Estrasburgon, militarrek Gainsbourg-ek kontzertua eskaini behar zuen aretoa erabat suntsitu zutelarik. Gainsbourg-en beste aurpegi bat, ezezagunagoa, aktore moduan egin zituen agerraldiak dira. Talendu ukaezina ukan arren, oihartzun gutxiko filmetan baino ez zen aritu haatik. Baina hori guzia gutxi balitz, filma egile izan da ere. Je t’aime moi non plus  bere lehen luzemetraia 1976an atera zuen. Ohi bezala, aski film polemikoa zen, aipatzen zituen gaiak tabuak izanik (homosexualitatea, erotismoa…) Zinemagintza ekarpenetan, beste hiru film aipa daitezke nagusiki : Équateur (1983), Charlotte for Ever ( 1986) eta Stan the Flasher (1990). Gaiak beti bezain polemikoak eta probokatzaileak izanik (inzestua, pedofilia, exhibizionismoa, homosexualitatea) ,denek so oihartzun mugatua ukan zuten Jakina da Serge Gainsbourg oso pertsona sentikorra zeal. Telebista emanaldietan isuriko malkoak ez dira gutxi izan. Bada, 1979an Bijou taldearekin zuzenean ari zelarik, negarretan hurtu zen, rockzale gazteek txaloz hartu zutenean. Urte berean, Kingstonen grabatu Aux armes et cætera reggae diskoak aldiz, biziki harrera ona izan zuen.

  « Gainsbarre »

Diskotekak, mozkorraldiak, gau giroa, dekadentzia fisikoa. Gero eta gehiago, Gainsbarre Gainsbourgen tokia hartuz joan zen eta telebistan agertzen zen aldiro, gutxi edo aski edana zen. Jendeek miresten ala gorrotatzen zuten bizarrarekilako olerkari madarikatu eta mozkortiaren fama horrela sortu zuen. Hamar urteren buruan, asperturik, Jane Birkin-ek beren harremana apurtzea erabaki zuen. Ondoko urrats artistikoa, beti esperientzia berriz gose zegoen artista honentzat, New Yorkera joatea izan zen. Han grabatu zituen Love on the Beat eta You're Under Arrest bere azkeneko bi diskoak, reggae-aren ondotik, hip-hop eta funk doinuetara hurbilduz oraingoan. Gainsbourg 1991n zendu zen bosgarren bihotzekoaren ondorioz.

Ondarea bizirik

Gaur egun oraino Gainsbourg-ek utzitako ondare aberatsak eragin handia dauka Frantziako kantagintzan. Frantziako « eszena berriko » kantari askok bere eragina aitortzen dute. Errepertorio ezin aberatsagoa izanez, musika estilo batzu publiko zabalari iristen lortu zuen, hala nola reggae-a (Aux armes et cætera...), rapa ( You're Under Arrest), musika afro-kubatarra (Couleur café) , jazza (Du jazz dans le ravin). Bestalde, musika klasikoaren eragina ukan dute Lemon Incest, Ma Lou Marilou, Initials BB, My lady heroine edota Baby Alone in Babylone bezalako abestiek. Rock progresiboan saiatu zen ere, bere disko hoberenetan sailka daitezken Histoire de Melody Nelson eta L’Homme à la Tête de Choux lanetan. Bere musika anitz sanpleatua izan da, bai Frantzian (ikus MC Solaar-en Nouveau Western kantua ) bai Frantziatik kanpo ere (Massive Attack Karmacoma kantuan adibidez). Bestalde, Mick Harvey, Nick Caven gitarra-joileak Gainsbourg-en bertsioz osatu bi disko atera zituen, Intoxicated Man (1995) eta Pink Elephants (1997). Komeni da Gainsbourgen hitzen garrantzia azpimarratzea. Estilo poetikoa, errima konplexuak (Comment te dire adieu ?), hitz-jokoak… Bertsolaritza bailitzan, etengabe hitza jolas bihurtzen zuen. Zirikatzea, probokatzea maite zuen eta France Gallek felazioari alusio argia egiten dion Les Sucettes kantatzen zuelarik, 18urte baino ez zituen. Kantatzen zuenaren erranahia urte batzu berantago baizik ez omen zuen ulertu… Ondotik, Jane Birkinek orgasmoa simulatu zuen, mundu guzian ospea lortu zuen Je t’aime, moi non plus kantuan. Baina Gainsbarre probokazio erotikoaren gailurrera iritsi zen Charlotte bere alabarekin abestu Lemon Incest abestiarekin eta bereziki Love on the Beat olerki pornografikoarekin. 2006an atera Monsieur Gainsbourg Revisited diskoak 14 ingleserako egokipen biltzen ditu. Disko hortan parte hartu dute : Franz Ferdinand, Portishead, Placebo, Jarvis Cocker, Kid Loco, Gonzales, Feist, Tricky... Euskal Herriko artistek ere horrelako omenalditxo bat egin nahi izan diote Serge handiari, aurten berean aurkeztu Gainsbourg Gainbegiratuz diskoaren bitartez. Lan honetan kantariaren 15 euskarazko egokitzapen aurki daitezke Gari, La Buena Vidako Mikel Agirre, Diego Vasallo, Saioa edo Txuma Murugarren bezalako euskal artisten eskutik. Musikaren munduko ezinbesteko artista handi honen unibertsora hurbiltzeko modu aproposa, euskal musikazale ororentzat.
Fred Berruet