Fenomenoa. Lehen artista izan da komunikabide berri horren indarra sistematikoki erabili duena. Alabaina, garai hartan, gero eta gehiago, diskoak saltzeko ezinbesteko tresna bilakatu zen bideo-klipa. Hori baino gehiago, Jackson-ek gertakari bereziak antolatzen zituen ateratako bakoitzaren iragartzeko ere. Hori egin zuen adibidez, John Landis-ek egin Thriller ospetsuarekin, 1983an mundu guzian une berean aurkeztuz. Frantzian adibidez, barietate emankizun baten erdian aurkeztu zuten 15 minutuko bideo-klipa. Ordu arte behin ere gertatu ez zen gauza. Fenomeno hori garai hartako kontestuari lotua da noski. Ez da ahantzi behar MTV katea orduan sortu zela. Gaur egun ohikoa bilakatu baldin bada ere, amerikar telebista kateak bideo-klipak etengabe eskaini dituen lehenetan izan da eta 80. hamarkada hasieran halako freskura bat ekarri zion musikaren industriari. Michael Jackson-en eta ondotik Madonna-ren bideo-klipak, abian zegoen musika mundializazio horren sinboloak bilakatu ziren, oraino berri-berria zen CD-aren laguntzarekin batera. Denbora berean deskubritzen genituen bai MTV, bai Michael Jackson-en bideo-klipak, kate horretan hedatuak ziren artista beltz baten lehenak. Thriller-etik atera bideo-klip parrastaren eta musika katearen garapenaren arteko sinergia izugarria zen eta zaila da gaur egun jakitea MTV-k zuenez Jackson laguntzen ala kontrakoa. Dena dela, 1987an super-ekoizpenen ildotik jarraitu zuen Bad diskoari izenburua eman zion kantuaren bideoarekin. Eszenaratzea Martin Scorsese-na da eta New-Yorkeko metroan gertatzen den bi gazte multzoren arteko borroka erakusten du. Disko beretik ateratako Dirty Diana eta Smooth Criminal abestiak luzaz musika telebistetan egon ziren ere. 1991ean atera Dangerous ondoko diskoak aldiz, ez ditu hainbeste bideo-klip aipagarri utzi, Give In to Me (Guns n’ Roses-en gitarra-joilearen agerpenarekin) eta bereziki Black or White kantuenak izan ezik, azken honek oraindik lehen urratsetan zen “morphing”-aren teknika baliatzen zuelarik. Arrazakeriaren aurkako himnoa, etengabeko itxuraldatzearen goraipamena… Kantu hau eta bere bideo-klipa ez dira ez egin dituen ederrenak, baina idoloaren energia eta sentsualitatea bikain isladatzen dituzte. Michael Jackson-en bideo-klip hoberenak Jerry Kramer-ek eta Jim Blashfield-ek egin Moonwalker DVDan topa daitezke. 1988an atera film horretan, hogeita hamar bat agertzen dira Thriller, Bad, Off The Wall eta Jackson 5-en Destiny diskoetako kantuetan oinarrituak.
Fred Berruet