Jackson 5-en bostgarrena
Michael Jackson bederatzi haurridetatik zazpigarrena zen. 1958ko abuztuaren 29an sortu zen Middle West-eko Indiana estatuko Gary herrian. Aita bortitza zuen, bai fisikoki, bai psikologikoki eta ama familiaz arduratzen zen. Hori bai Jacksontarren etxean musika eguneroko bizian izan da, belaunaldiz-belaunaldi. Naturalki beraz – 4 urtetan hasi zen publikoaren aitzinea kantatzen – Michael eta bere anaiak (Jackie, Tito, Jermaine eta Marlon) oholtza gainera igo ziren 1965ean, Jackson 5 izenarekin, musika beltzaren klasiko handiak bertsioneatzeko. Arrakasta berehalakoa izan zen, eta familiako mutiko gazteenaren dohainak ukaezinak ziren. Diana Ross Presents The Jackson Five, Jackson 5 taldearen lehen diskoa 1969an atera zen. Egia da musika beltzaren “madona” Michael-en gozama bezala agertu zela. Bereziki hamabi urte baino ez zituelarik, bete-betean asmatu zuen Motown disketxeak bakarka jarraitzea eskaini ziolarik. Pixka bat lehenago, Michaelek, miresten zuen James Brown-en kontzertu bat ikusteko aukera izan zuen New York Harlemeko Appolo Theater aretoan. Lehen topaketa hura erabakigarria izan zen. Bigarren topaketa 1978an gertatu zen, Quincy Jones jaunarekin. Hau ere guztiz erabakigarria. Amerikar kantari, ekoizle, jazzlari eta estudio teknikari apartak, Michael gaztea bere menean hartu eta denok ezagutzen dugun monumentuan bilakarazi zuen. Off The Wall deitu lehen bakarkako lana 1979an kaleratu zen eta berehala munduko diskoteka guziek programatu zuten. Pop ñabarduraz aberastu funk doinuek garai hartako disco-aren gozotasunarekin apurtzen zuten, Quincy Jones-en lana agerian utziz.
Otso gizonak eta hil-bizidunak
1982an, extra-lurtarrak bere lehen urratsak eman zituen Thriller-ekin. Paul Mc Cartney-ren laguntzarekin eskaini The Girl Is Mine kantua, Billie Jean single arrakastatsua… Hilabeteetan, abestia mundu guziko juke-box guzietan egon zen Beat It-ekin aldizkatuz. Thriller kantuaren bideo-klipa ere gogoan atxikitzekoa da : bertan, Jackson otso gizon batean bilakatzen eta hil-bizidunen gana joaten ikus daiteke. 18 minutuko film hura etengabe hedatua izan zen MTV amerikar telebista katean. 1985ean, USA For Africa elkartearentzat sortu We Are The World onginahizko himnoari esker, Michael Jackson egiazko mito bat bilakatu zen. Bi urte berantago, 30 bat milioi aletan saldu zen Bad diskoa atera zen. Musika maila oneko kantu berriak eszenografia ikaragarri batez lagunduak ziren, oholtza gainean bideo-klipetako irudiak ber-asmatuz. 1991n, Quincy Jones-ekin samurtu ondoan, Jackson-ek ekoizlea gabe egin lehen diskoa kaleratu zuen : Dangerous. 1995ean aldiz, HIStory, Past, Present And Future: Book I disko bikoitza argitaratu zen. CD horietatik bat kantu arrakastatsuenen bilduma bat zen. Hori izan zen bere azken aurreko lana. Azkena, 2001ean agertu zen Invincible izenburupean. Iñoizko publizitate kanpaina handiena egin arren – 30 milioi dolar inguru - , 10 milioi ale « baino » ez ziren saldu munduan zehar.
Kirurgia estetikoa, maskara eta haurrak
Urte batzu baziren jada, kantaria ez zela gehiago musika aldizkarien lehen orrialdeetan agertzen. Gizona aldiz, erregularki egunkarieneetan zegoen, bere kirurgia estetiko ebakuntza desberdinak zirela eta (aurpegia zuritzeko, sudurra laburtzeko, iragarki baten karietara eskuan eta ileetan jasan erreduren sendatzeko…). Askotan, istripu hori ebakuntzak justifikatzeko erabiltzen zuen. Bestalde, larruaren eritasun bat aipatu ohi zuen bere despigmentazioa azaltzeko. Michael Jackson gorderik bizitzea behartua zen, eta paparazziak bere ranch-aren aitzinean etengabe zelatan egoten ziren, abere bitxi bat bailitzan. Horrek, bere paranoia areagotu baino ez zuen egin eta bere ranchetik ateratzen zen bakanetan, maskara bat zeukan ahoan, mikrobioetaz babesteko. Haurreikiko jarrera zalantzagarriek funk ikonoaren irudia oraino gehiago ilundu zuten. 1993an auzietara eramana izan zen gau batez 13 urteko haur bati sexu-jazarpenak egitea leporatuta. Auzia konpondu zen Jackson-ek 22 milioi euro ordaindu ondoren. Hilabate batzu berantago, Jackson beste leienda batekin agertzen zen : Lisa Marie Presley, Rockaren Erregearen alabarekin hain zuzen. Askoren ustez justiziarekin zituen auzi desberdinen ahanztarazteko antolatu ezkontza bi urteren buruan bukatu zen, 1996ko urtarrilan. Berriz ezkondu zen bere erizainarekin 1996ko azaroan, horrek bere lehen haurra eman ziolarik : Prince Michael Junior. Urte bat berantago, Paris Katerine Michael deitu alabatxoa izan zuten eta 1999ko urrian banatu ziren. 2002an, Prince Michael II, bere azken haurra sortu zen, baina amarena, misterio bat da oraingoan. 2003ko telebista elkarrizketa batean, aitortu zuen mutiko gazte batzuekin lo egiten zuela Neverland-en. Hainbat salaketen ondorioz, bere Neverlandeko puxka pertsonal gehienak enkantetan jarriak izan ziren orduan. Aurten eman beharra zuen kontzertu sailak helburu bakarra zeukan : ahal bezainbat diru biltzea. Bazuen aspaldi Poparen Erregeak bere koroa galdua zuela.
Fred Berruet