2007/08/10

Pixies ''Doolittle'' (1989)

Hara disko bat eguneko edozein ordutan entzun daitekeena eta beti berdin alaitzen eta indar-berritzen gaituena. « Doolittle », maisutasun osoz eskainiak diren abesti indartsu, eder, alai eta itsaskor sorta paregabea dugu. Zalantzarik gabe, Pixies-en garai hoberenak isladatzen duen lana. « Surfer Rosa »-ren arrakastaren ondoren, (urteko diskoa izan zena Ingalaterrako musika aldizkari batzuetan), Pixies-ek eta bereziki Black Francis-ek berriro ere lanari ekin zioten hirugarren diskoa osatzeko. Oraingoan, Gil Norton izan zen ekoizle lanetan eta Bostondarrekin egon zen « Trompe Le Monde » diskoraino. Norton-ek beste dimentsio bat eman zion taldearen soinuari : Joey-ren gitarra eta Frank Black-en ahotsa nabariagoak agertzen dira hemen. Baina « Doolittle »-n abantaila nagusia kantuen kalitatean datza, hamabost kantuetatik bakar bat ere ez baita baztertzekoa. Izan ere, taldearen abesti enblematiko gehienak hor daude : “Debaser”-en freskotasuna, “Tame”-ren erritmika, “Wave of Mutilation”-en melodia, “Monkey Gone to Heaven”-en lelo ezaguna... Hori guztia eta diskoaren erdia baizik ez dugu entzun oraindik ! Ondotik datoz, “Crackity Jones”-en erokeri bizkorra, “There Goes My Gun”-en far-west giroa eta diskoa ixten duen “Gouge Away” harri-bitxia. Bai, horiek denak eta gehiago jasoak dira disko honek irauten dituen 40 minutuetan. Pixies ezagutzen ez duenari, “Doolittle” entzutea gomendatuko genioke, baina zalantzarik ez daukat : Entzun !-en irakurle guziek disko hori beren diskotekan daukate jada.

Fred Berruet