2007/08/09

The National "High Violet" (2010)

Hau bai itxaroten genuela ! Duela hiru urte “Boxer” ikaragarriak eman kolpearen ondoren, The National itzultzen da oraindik arrakasta gehiago eman behar liokeen disko batekin. Gauza bat argi da : aitzineko diskoa gogoko zutenak ez dira galduak izanen. Matt Berninger-en ahots larri hunkigarriak eman giro malenkoniatsu bera topatuko dute hemen. The National-en indarra zera da : hasieratik bukaeraino entzuten mantentzen gaituela erritmo bizkorrik edo saturazio handiegirik gabe. Aitzitik, beren melodiak oso lasaiak eta barnakorrak dira. Hor dago adibidez 'Terrible Love,' diskoa irekitzen duen abesti ederra, emozioz betea. Baina hor daude ere izenburu esanguratsuak dituzten 'Sorrow', 'Anyone's Ghost' single-a, ' Afraid of Everyone' edota 'Runaway'. The National-en musika zorroztasun handikoa da. Gehienetan taldea bost musikariz osatzen bada ere, zuzenean zortzi lagun izan daitezke. Izan ere soinu konponketa anitz badira. Anitz bai, baina ez gehiegi, kantuak bikain orekatuak baitira. « Conversation 16 » abestiak adibidez, oilo larrua jartzen digu entzuten dugun bakoitzean. Musika argia da bai, baina ez intelektualegia. Azkenean, orain arte talde hau gustuko ez zutenek « High Violet » honekin nekez preziatuko dute , « Boxer »-ren jarraipen duina baita. Duina eta ona.

Fred Berruet