2007/08/08

The Dead Weather "Sea of cowards" (2010)

The Dead Weather osatzen duten Jack White (The White Stripes eta beste hamaika egitasmo), Alison Mosshart (The Kills), Dean Fertita (Queens Of The Stone Age) eta Jack Lawrence (The Raconteurs) bezain zuzenak izatekotan, aitortu behar dugu Sea of Cowards bigarren lanak, Horehound aurreneko diskoko osagai ber-berak erabiltzen dituela. Blues zikin bera, 70. hamarkadako doinu eraginkor berak. Halere, bi disko horien artean, The Dead Weather ez da geldirik egon. Lehen grabaketa kasik nahigabe egin zuten, musikari aparta horien arteko jolas soil baten ondorioa bezala. Geroztik, kideek beren gaitasunak biderkatzen eta zorrozten ikasi dute, alor guzietan urrunago joateko. Jack White-k iragari bezala, Sea of Cowards astunagoa da – (Blue Blood Blues, Die by the Drop), baina ere sutsuagoa eta indartsuagoa da orokorki. Ilunagoa ere, nahiz eta iduri duen musikariak plazer handiz aritu direla kantuak sortzen, adibidez rock astunetik urruntzen direlarik. Diskoak dantzan jartzen gaitu (The Difference Between Us) , ahots soinu bereziak eskaintzen ditu (Looking at the Invisible Man), erritmika ausartagoetan murgiltzen da (I’m Mad). Borobilagoa da eta aitzinekoa baino sentsulagoa da oraindik. Sexualagoa erran behar nuke. Bekatuz josia da, egiazko amesgaiztoa eliztiar guzientzat. Ez, Horehound –ekin alderatu ezkero, Sea of Cowards ez da zeharo ezberdina. Gehiago da, eta ez da gutxi.

Fred Berruet