Artista multi-instrumentistak bi urte eman ditu kantu berri hauen ontzen. Etengabe esperientzia berrien bila ibiliz, bere bidea segitzen du, musika joera nagusietatik urrun. Kontzeptu-disko honetan, amodio frustratu baten ixtorioa kontatzen digu, hitz jokoz josi testu landu batzuen bidez. World, elektro, folk, reggae…
Musikalki, soinu-ekoizle oparoak gustoko dituen eremuetara eramaten gaitu askatasun eta freskotasun handiz, frantsesez hasten den Ze ai’ze kantu paregabean Serge Gainsbourg baten itxura hartzeraino. Xanoren ametsa gaizki sentitzen den jendea bere musika entzunez nolazbait laguntzea litzateke. Dudarik ez : Xanormal honetako kantuak bi belarrien artean ezartzea bezalako terapiarik ez da. Frogatu duten guziek aholkatuko dizute.
Fred Berruet
(Kronika hau 2015eko Entzun ! disko-liburuan argitaratua izan da)